XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Euskara bai baina zertarako? Ikastola munduan hasi zirenak, ibili direnak eta gaur gabiltzanok ahalegin bereziak egin zituzten, dituzte eta egiten ari gara bai bainan, zertarako?.

1986ko Erroldaren arabera, %24`7ak daki euskaraz mintzatzen, bainan euskararen presentzia %10az behetik dago maila orokorrean.

Euskal Herriko identitatearen anima eta ardatza, eta Euskal Herriaren hizkuntza propioa euskara bada, non gaude?.

Merezi al du borrokan jarraitzea? Inoiz lortuko al ditugu gure helburuak?.

Benetan burua altxa eta bizi garen gizarteari begirada bat botatzen badiogu, erabat kezkaturik gelditu beharrean aurkitzen gara.

Ahoa zabalik, ia denok, politikoak zein intelektualak, entrepresako gizonak, zein biztanle arruntak, irakasleak zein ikasleak... denok aitortzen bait ditugu goian aipatutako euskararekiko helburuak.

Urrats handiak eman ditugu zenbait arlotan, batez ere heziketa munduan.

Euskara jadanik bada heziketarako hizkuntza nahiz eta bide luzea egin beharrean aurkitu oraindik.

Euskara eskola irabazten hasi da egunetik egunera, bainan era berean kalea galtzen ari garenaren susmoa dut barru barruan sarturik.

Eta euskara bai heziketarako hizkuntza, bainan batez ere bizitzarako hizkuntza behar du izan.

Une honetan oso erraza litzaiguke agintean daudenei kulpak leporatzea.

Beti ere bestearen errua, norberarena baina handiago izaten delako.

Bainan errua norena den alde batera utziz, aurrera begira ikus dezagun zer egin beharko genuken edo eta zer egin behar dugun egoera larri honetatik irteteko.

Denok, bakoitzak bere lekuan, bere lanean bere bizitzan daukagu zer egina.

Denon ahalegina ere ez da gehiegi izango, bainan bakoitzaren egin beharra azpimarratuz, gure atzetik zatozten gazteei luzatzen dizuet honen begirada itxaropentsua.

Gero eta gehiago dira ikastoletatik zein eskoletatik irteten zareten gazte euskaldunak euskaraz heziak eta euskara jakintza mailan guk bainan askoz gehiago menperatzen duzutenak.

Zuen indarra izan dadila baita ere euskara indartzeko, euskaraz bizitzeko, batez beste gure eguneroko hizkuntza bihurtzeko.

Zuek zarete gure itxaropena zuek euskeraren etorkizuna!.

Gure adinetik gorako gizarteak erru handiak izan baditu ere, saiatuko gara besterik ez bada euskara heziketara inkorporatzen.

Behar bada ahaztu egin gara, edo ez behintzat gehiegi saiatu, kalea irabazten, uste bait genuen eskola irabaziz kalea irabaziko genuela.

Duda txikienarik ere ez dut egiten gaur ikastoletatik irteten zaretenak euskeraren militanteak bihurtzen bazarete, oso denbora gutxian gure kaleak gure lan lekuak, gure gizarte osoak aldaketa nabaria egingo duela.

Beharbada pesimistegia naizelako bainan nere ustetan gurekin lan egitea gerra galdua da; honek ez du esan nahi erlaxatu nahi dudanik nere ahaleginean bainan saia gaitezen batez ere gure gaztediarekin.

Egin ditzagun ahalegin bereziak zuekin, egin gaitezen denok, bainan batez ere zuek euskeraren militanteak eta urte gutxi barru, euskara behar bada izango da Euskal Herriko identitatearen ardatz eta muina, Euskal Herriaren hizkuntza.